Telesailen muina

Por Yurre Ugarte el 28.07.2016 - Categoría Blog

Euskadi Irratia. Faktoria irratsaiorako kolaborazioa (2016-7-28). Game of Thrones (Tronuen dema) telesailaren hurrengo denboraldiko pasarte batzuk Zumaian grabatuko omen dira. Kable bidezkoa eta ordainpekoa da HBO telebista kate estatubatuarra eta Game of Thrones haren ekoizpena, arrakastatsua oso. Bestalde, azken egunotan ETBk Go!azen telesailaren grabazioari ekin dio. Duela 7 urte gazteen artean arrakasta izan zuen fikzio musikala itzuliko zaigu gure Telebista Publiko eta Generalistaren eskutik. Eta, zorionekoak gu gure gazteek behintzat euskaraz sorturiko telesail bat ikusi ahal izango dutelako. Bai Game of Thrones, bai Go!azen, ikusi eta hurrengo egunean sareetan, kalean, lanean, etxean, eskolan, dendan komentatzen ditugun teleistorioak dira, nahiz eta, telebistarako ekoizten den fikzioaren muturreko bi adibide izan. Game of Thrones telesailak miloika ikusle du mundu osoan: eszenatoki naturalak nahieran aukeratu ahal dituzte, Erdi Aroan garatzen den historiari hobekien egokitzen zaizkion tokiak. Izan ere, Irlandan, Kroazian, Marokon, Cordoban, Bardeetan, eta beste hainbat bazterretan grabatu ohi dituzte telesailaren atalak. Gainera, kokaleku horietan “Games of Thrones efektua” suertatzen da: alegia, turismoak gora egiten du. Hemen, Euskarazko Telebista Publikoak ekoiztu dezakeen telesailaren ikus-entzule potentziala urria da, gure hizkuntzaren hedapenaren araberakoa. Baina, horregatik fikzioa ekoizteari uko egin beharko lioke Telebista Publikoak? Ekoizle askoren ustetan, ETBren baliabide ekonomikoak ez dira nahikoa maila lehiakorrean telesailak egiteko eta ordainpeko kateetan egin daitezke soilik kalitate handiko telesailak. Tira, bada, aztertu dezagun zertan datzan HBO-ren telesailen ekoizpen arrakastatsua, maila lehiakorrean gorena den hori. Alde batera utzita Estatu Batuetako edozein ikusentzunezko produkturen banaketa eta hedapen mundiala. Hau da, aztertu dezagun telesail horien muina. Eta horretarako, maiatzera arte HBOko presidentea eta programazio burua izan denaren hitzak ekarriko ditugu, Games of Thrones paperean idatzitako proiektua besterik ez zenean baiezkoa eman zion exekutiboaren hitzak, Michael Lombardorenak: “ gure lehentasuna berebiziko kontagintza da, uste dut artista gehienentzat den bezala. Freskotasuna, berezitasuna eta bizitasuna darion kontagintza nahi dugu. Egile ikuspegi sutsu baten alde egiten dugu, ahots berezien bila gabiltza beti. Eduki originalak ekoiztea da gure helburua”. Filosofia hori aplikatuz sortu dira, besteak beste: The wire, The Sopranos, True Detective, Girls, Six Feet Under, Curb yor enthusism, Sex and The City, Deadwood eta abar luzea. Ia denek kontagintza original bat dute oinarri, alegia, kontatzeko berezko modu bat, nahiz eta jorratzen dituzten gaiak askotan klasiko eternalak izan. Hurrengo galdera da, hortaz, telebistan, zer da narraziogintza originala? Bada, TESTU originalak. Eta hori nola lortzen da gaur egun ikusentzunezkoetan, alegia, telebistak internetekin bat egin duen garaian? Diruarekin soilik lortzen den zerbait al da? Ez, horixe; baliabide ekonomikoek soilik ez dute bermatzen telesail edo film baten arrakasta. Ados, ikusentzunezko fikzio bat egiteko lantande handiak behar dira, eta horrek dirua eskatzen du. Baina, telebistako fikziogintzan, batez ere, eta gauza guztien gainetik, kontagintza originalak GIDOIA esan nahi du. Gidoia, gidoia eta gidoia. Ikusi beharko litzateke hemengo ekoizpenetan zenbateko portzentaia daraman gidoiak, orain arteko telesailetan zenbateko garrantzia eman zaion narrazioari, gidoigintzari. Askotan, gidoien aurrekontuak ikusiz gero, badirudi gidoia telesail batetako “detaile” bat dela. Eta, gidoia, produkzioa abiarazten duen oinarria izateaz gain, hura egituratu beharko lukeena da. Laburbilduz, ETBk jarraitu behar du euskarazko telesailak sortzen bai ala bai, dauden baliabide ekonomikoak daudela, you tuber askok edota “webserie”  askok, baliabide eskasekin, milaka edota miloika ikusle lortzen duten garaian baikaude, Jainkoarren.

loading