Sareak

Por Yurre Ugarte el 5.06.2014 - Categoría Blog

“Azken belaunaldiko” sakelakoa oparitu diote amona Arantxari seme-alabek, lehendik zeukan segapotoa zaharkitua omen. 80 urteko amona etxeko igogailuan sartu denean, bilobek igorritako lau uatsap heldu zaizkio. Pantaila kolpatu du hatzarekin behin eta berriz, nahiz eta laster gogoratu duen hatza pantailan zehar irristarazi behar dela, edota soilik paratu, ezer sakatu gabe. Oharkabean bidali dizkio laugarren solairuko bizilagunari hiruzpalau uatsap testu xelebre eta ulertezinez “idatziak”. Laugarren solairuko bizilaguna Bingen da, etxepekoen presidentea, bere egongelan dagoena interneten kontsulta egiten sakelakoaren bidez: nola akatu balkoian bizi diren armiarmak. Hain ugariak dira Bingenen balkoiko armiarmak, sarea egin baitute aldameneko Irati eta Oskarren balkoiraino. Hala ere, Irati eta Oskar bikotea lasai demonio eseri da bere balkoian, garagardo bana eskuan dutela; bata tablet-eko joko kuttunean buru belarri dabil, bestea sakelakotik facebooken “atsegin dut” mordoa sakatu eta sakatu. Belarrietan entzungailuak daramatzate biek, hirugarren solairuko Elenaren telebistaren topeko bolumena ez entzutearren. Bingenek lankide batekin txateatzeari ekin dio uatsapez; armiarmak akatzeko metodoa ordenagailuan irakurtzen dihardu, sakelakoan Arantxaren mezu kriptikoak harriduraz ikusi ondoren. Aldiz Arantxak, azkenean, nolabait, lortu du mezu bat idaztea:” bilera bizilagunak bizkor”. Baina, mezua Bingeni bidali ordez, alabari bidali dio. Bingen balkoira irten da: eskailera batera igota dago, erratza eskuan duela. Erratza trapu batez bilduta ageri da,  eta trapua makilari lotuta zinta itsaskorraz. Armiarmak akatzen dituen moduan uatsapak sartu eta sartu ari zaizkio Bingeni galtzetako patrikan daraman segapotora. Hau ezinegona! Sakelakoa eskuratzerakoan, oreka galdu eta, plast! ziplo erori da Bingen lurrera; armiarmen arteko bultzadaren ondorioz akaso… Irati eta Oskar armiarma sare baten barruan bilduta daude jada, burbuila ikusezina bailitzan. Elenaren telebista-pantailan armiarma gazte bat dabil atzera eta aurrera, Elenak programako logo ibiltaria dela uste duen arren. Arantxaren hanketan gora badoa armiarma nekaezin bat, Arantxak berak nabaritu ere ez duena.

Etxeko fatxadan, telefonia enpresetako kableak hormara iltzatuak daude besarkada hilgarrian, eta teilatuan, tente-tente diraute mota guztietako antenek, balizko babesleak.

loading