Bio

Tolosa sorlekuan hazi eta hezi nintzen 19 urte izan nituen arte. Tolosako Lizardi literatur lehiaketarako idatzi nuen ipuin batek saria lortu zuelarik, nire idazketaren ibilbide ofizialari ekin nion 1985 urtean. Londresen  urtebeteko egonaldiaren ondoren, EHUn Kazetaritza ikasten jardun nuen. Ordea, laister itzuli nintzen Londresera, Zinemagintza-Bideogintza eta Argazkilaritza ikasketetan murgiltzera.Hala, nik idatzi eta zuzendutako lehenengo sei laburmetraiak ( haietako batzuk hemen ikusgai daude edizio berezian) Londresen burutu nituen. Amore Eroa laburmetraia berriz,  EHUko Kazetaritza fakultateko baliabideak aprobetxatuz grabatu nuen, Londresetik Bilbora itzuli nintzenean hasiak neuzkan ikasketa haiek amaitzera.

Penelope-enea sitcoma idatzi nuen 1991an ETBrako; ideiaren eta hamahiru atalen gidoien egile izan nintzen. Ordutik gidoilari lanetan aritu naiz, betiere fikziozko telesailen alorrean, askotan gidoilari taldearen buru edo gidoi gainbegiratzaile lanetan, besteak beste: Goenkale (lehenengo bi denboraldiak), Pocahontas II /John Smithen itzulera-el regreso de John Smith (marrazki bizidunak), 64 (sitcom), Vidas cruzadas(eguneroko telesaila), El súper (eguneroko telesaila, 500 atal), Alicia, Sorpresas te da la vida, Barrebusa, Txikituko haut!, Teilatupean, Ellacuría- justicia pendiente (TV movie), Talo eta Lami (marrazki bizidunetako luzemetr. gidoia)etab. Baita ere, oraindik egiteke dauden bi luzemetraietarako gidoiak: Violent Femme, Sinsky.

Irunera errotu nintzen duela 16 urte, eta bertan idatzi ditut: Ezin Ihesi (2006) eta Himalaya Blues (2012) teatro testuak http://www.teatro-testuak.com/euskaraz.html

Gasolindegian (Alberdania,2010) narrazio liburua; teorian haurrentzako istorioa den Itsasoa maleta batean liburua(Denonartean, 2013) eta, Katu hegoduna (Sauré, 2013)komikiaren ideia eta gidoia.

loading