Berunezko liburuak

Por Yurre Ugarte el 15.07.2014 - Categoría Blog


High PriestessAltzairuz eginiko apalategi bat non 200 berunezko liburu dauden; horixe da Anselm Kieferren 1989. urteko artelan erraldoia (370x780x50zm),  ingelesez Amasantua (The high priestess) deritzona, alemanez berriz Bi ibaien lurraldea (Zweistromland).  Kieferren erakusketa hura Londreseko Riverside Studiosen ikusi nueneko liburuxka azaldu zait koaderno zaharren artean nahaspilatuta; sorgor iraun du urteetan zehar, herrialde, etxe eta apalategi-aldaketek higatu ez dutelarik; batez ere, txukuntze, garbitze eta zaborreratze domestiko hainbatetatik libratu da. Kieferren eskulturako liburuen antzera, akaso berunezkoa da liburuxka bera ere, paperezko itxura xumeaz harago…

apalategiakiefer

Eskultura honen ingelesezko izenburuak, The high priestess (Amasantua), aipamen nahiz esanahi ugari iradokitzen du: Amasantua Tarot-aren hirugarren karta da, ezagutza ezkutuaren ikur; nola ezagutzaren gordeleku hala jakinduriaren iturri, ezkutuko botereak dituen orakulua da betiere. Alemanezko izenburua ere esanahiez zabal eta sakon da; Bi ibaien lurraldea (Zweistromland), hau da, Tigris eta Eufrates ibaien artekoa, edo Mesopotamia. Apalategiaren eskuineko aldea da Tigris, eta ezkerrekoa Eufrates. Liburuetan datzan ezagutzaren iragankortasuna berunaren bidez iraunkor bihurtuta, iradokiz gizakiak baino luzeago bizi direla hain justu gizakiaren presentziaren lekuko diren haiexek, liburuak…

Book with wings, Anselm Kiefer

Euskal literaturaren kasuan, apalategiaren Tigris aldea besterik ez genuke beteko liburuez, egia, eta Eufrates aldeak hutsik emango luke agian, baina itxura besterik ez litzateke, gure Eufrates ahotsez beteta legokeelako, eta dagoelako. Mesopotamia bera existitu zen garaiko ahotsen jarioa baitago apalategiaren beste alde horretan, eta belarriak besterik ez dira behar hori ikusteko, ehunka birramonen eta birraitonen ahozkotasunaren gordailu irakurtezina, bai, baina literatura bizia elikatzen jarraituko duen errekastoa, ahozkotasuna…

Beuysen ikasle izan zen Anselm Kieferren beste lan batekin bukatzeko, Buch mit Flügeln (Liburua hegoekin, 1992-1994) behar du izan, berunezko errealitatetik hegan garamatzan liburuaren ohoretan.

loading